XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezaguna da Platon-en errepublikako errejimena aristokratismoa dela.

Filosofoen eskutan uzten du hiriaren gobernua.

Hauek dakite eta gorputzaren hedeetatik askaturik ideiaren edertasuna istimatzen, beste hiritarrek ez dakiten bezala.

Antropologian hiru arima (irrikagarria, suminkorra, arrazionala) kontatzen dituen antzera, bere Errepublikan ere hiru gizon klase bereizten ditu Platon-ek: eskulangileak, harmagizonak eta filosofo-gobernariak.

Azken hauei dagokie hiritarrak heztea.

Errepublika eskola da.

f) Etorkizunaren morroi

Boterearen filosofoek aurrera begiratzen dute.

Orain arteko historia atzerakoia da.

Prehistoria.

Etorkizun bikain eta ederra jaso nahi dute.

Iragana ahaztu, ezabatu egin behar da.

Joanaren hilobitik etorkizun pozgarria biztuko da.

Gizadiaren etorkizun argitsuaren aurrean, Totalitatearen soluzioen aurrean, zer dira bakoitzaren txikikeriak, huskeriak ezik?.

Gainditu beharreko gauaren aztarnak ikusten dira subjetibismo eta egoismo begimotz horretan.

Gizadiaren etorkizunaren aldarean erre behar dira.

Nahikunde partikularren oparia herriak gustora egitea da Estatu guztiz jakintsuaren helburua.

Orokortasunaren kezkak interes partikularrekiko errukia ito egiten du.

Inorekiko kupidak ez du tokirik.

Geroaren oinetan sakrifikatu behar dute orainak eta oraingoek.

Etorkizunaren talaian bizi diren Maisu-Pentsalariek azken soluzio radikalak maite dituzte.

Etorkizuna zerotik hasi (juduen arazoaren Himmler-en azken soluzioa; Stalin-en kolektibizazioaren eta industrializazioaren azken soluzioa).

Kreazio berria.

Hasera absolutoa.

Arazo txikien soluzio txikirik ez dute eskaintzen.

Problema erraldoienak bakarrik.

Haundimaundika.

Marxismoa da eskola honetan iaioena.

Hau horrela delarik Nagusi-Pentsalarien anarkismo eskatologikoak (Estaturik gabeko gizartearen ametsa) itxurazkoa dirudi.

Estatua desagertuko da bistatik, baina, okerragoa dena, haren begia denen burutan landatua egongo da.

Hildakotzat jotzen duten unetik ukanen du aginterik beldurgarriena.

Ikusia izan gabe ikusiko du.

Polizia harmaturik ez du beharko inposatzeko.

Bakoitzak eukiko du barnean bere polizia.

Garun lisiba burutu duen Estatua perfektoa izango da.

Eta lasai hil daiteke.

Hilezkortasuna aseguratua dauka.

Bakoitzaren baitan betikotuko da.